XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erakunde desberdinek, publiko edo pribatuek, helduen hezkuntza, birziklapen profesionala eta beste hainbat hezkuntza-zerbitzu ziurtatzen dituzte.

Egituren bilakaeraren azken hamarkadetako beste berezitasun bat hezkuntza tekniko eta profesionalaren garapena da, eta askoren ustetan, datozen bi hamarkadetan garapen bideko herrietan ahalegin handiak egingo dira bide horretatik.

Orientabide hori industrializazio-ahaleginen, zerbitzu-sektorearen garatzeko joeraren eta lan-eskaintzaren aldaketa orokorren ondorio litzateke.

Azkenik, nahitaezkoa da hezkuntza-sistemen malgutasuna lortzea, egitura-elementuen eta adar desberdinen arteko barne-koherentzia hobetuz, irakaskuntza-mota batetik bestera pasatzea erraztuz, irteerarik gabeko adarrak pixkanaka ezabatuz eta eskola-zerbitzuen eta eskolaz kanpokoen arteko osagarritasuna bermatuz.

Edukietako aldaketak

Eraldaketak hain azkar gertatzen ari diren gizarte honetan, hezkuntzak, tradizio sendoko erakundea izan arren, ezin ditu aldaketak saihestu; bere edukiei dagokienez batipat.

Lehen eskolara sei edo zazpi urtetik hamahiru edo hamalau urte bitarteko ikasleak soilik joaten ziren eta, aurrerantzean pertsona heldu gisa behar izango zuten ezagutza-multzoa irakastea zen eskolaren helburu bakarra.

Baina, aurrera doan iraultza zientifikoak dakarren ezagutzen hazkunde-erritmoari jarraitzeko zailtasunak ditu aspalditxotik.

Informazio berrien metaketa bizkorra dela eta, disziplina askotako edukina berehala zaharkituta geratzen da.

Disziplina batek datu berriak integratzea, eta asimilatu behar den informazioa jeneralizatzea eta sinplifikatzea ere lortzen ez badu, ezagutza-elementu berriak zaharrak ordezkatu beharrean lehen zeudenei eransten zaizkie.

Programak gainkargatzearen arriskuak dilema bat planteatzen du: hezkuntzaldia luzatzea edo espezializatzea.

Ez bata eta ez bestea, ez da irtenbiderik egokiena:

- lehena, hezkuntza-sistemetan karga gehigarria ezarriko lukeelako;

- bigarrena, aldaketa teknikoen aurrean, jakintza espezializatua azkar zaharkitzeko arriskuagatik.

Eskolak eskaintzen duen heziketa espezializatua jakintza orokorrarekin harmonian egotea lortu behar da; hau baita ezagutza berrien asimilazioa eta autoikaskuntza bermatzeko gai den bakarra.

Arazoaren larritasuna kontuan izanik, Unesco-k hezkuntzako edukinen etorkizuneko bilakaerari buruzko mintegi batean, hau adierazi du:

Berrikuntza, sormena, aisia, kirola, eta oro har, bizimodu zoriontsua eramateko eta nortasun pertsonal orekatua garatzeko heziketa desagertzeko arriskuan daude.